Testua:Joaquin Garrido
Alvaro Ledesmak bere lanaren bidez edertasunaren definizio bat eraikitzen du XXI. menderako. Eta, proposamen berri guztiekin gertatzen den bezala, desberdintasun handiak izan arren, aurrekoarekiko jarraipen, egokitasun, eraldatze edo aldaketa baten aurrean gaude beti. Elikatzeko, Artearen Historiako berrikuntza guztiek beren zainak isilpean sartzen dituzte aurreko formen eta moduen konpost enigmatikoan, eta proposamen berrien, estilo berrien eta forma berrien adarrak aire freskoari eskaintzen dizkiote gure aurpegi liluratuen aurrean.
Teknologia berrien estetikatik apurtxo bat alderatzea nahikoa da ohartzeko zenbat zor diegun XX. mendeko Lehen Abangoardiei; baina, aldi berean, haiek ere asko zor zieten ikuskeran Inpresionistek ezarri zituzten hausturei. Inpresionistak ere, halaber, beren aurreko Errealisten zordunak ziren, batez ere, Italiako macchiaioli haienak, kolore-orbanak, pintzelkada laburrak, ukituen justaposizioa, amaitu gabeko forma-zirriborroak eta abar erabiltzeko moduagatik.
Horrela jarrai genezake Erromantikoekin eta Neoklasikoekin... (garai neoklasikoan bete-betean sartuta, Goyak margotutako Bordeleko esne-saltzailea lanak argi eta garbi iragartzen du, itxura batean, artean hain urrun zegoen Inpresionismoa). Totum continuum luze bati ekin diezaiokegu horrela.
Artista bat, Alvaro Ledesmaren kasuan bezala, “handi”en taldekoa denean, erraza da erakusketa-koordinatzaile batentzat berrikuntza eta orijinaltasuna gainditzea, haratago joatea, hark beste artista “handi”ekin dituen loturak bistaratzea eta artelana imajinario artistikoaren betikotasunerako definitzen duen esentzia argitzea.
Alvaro Ledesmaren 21072012 izeneko lana ikustean, zergatik gogoratzen gara berehala pintura flandestarrean ohikoak diren ispilu konbexuekin eta zergatik ezin diogu uko egin Jan Van Eyck-en Arnolfini senar-emazteen erretratua, Robert Campin-en Werl triptikoa edo Quentin Metsys-en Diru-trukatzailea eta bere emaztea lanekin konparatzeari, antzekotasunak eta desberdintasunak bilatzeko azterketa dibertigarri bat eginez?(argazkia ikusi)
Hozkailu batean ahaztuta utzitako piper batek nola eraman gaitzake Velazquez-en Venus ispiludunak edo Ingres-en, Delacroix-en nahiz Matisse-ren odaliskek eragiten diguten gozamen sentsuala gogoraraztea?(argazkia ikusi)
Ferrosilizio-zakuaren heldulekuak errukiz makurtzen direnean, ez al daude Millet-en Angelusa bezala, errezatzen eta Jainkoari eskerrak ematen izerdiarekin eta ahaleginarekin lortutako uztagatik? (argazkia ikusi)
Pablo Picasso-rena edo Georges Braque-rena balitz bezala, papiers collés gisako testu idatzia (hizkiak, hitzak, zenbakiak...) naturaltasun osoz agertzen da Alvaro Ledesmaren argazkietan, laka-poteetako etiketa gisa, edo fabrika-izen, izen komertzial, hormetako idatzi, matrikula, tresneria-zenbaki, ohar edo kartel gisa. (argazkia ikusi)
Zergatik daukagu behin eta berriro Marcel Duchamp bikainenaren eskutik Readymade etengabeko bat bizitzen ari garenaren sentsazioa edozein unetan R. Mutt sinatutako iturri aztoratzaile hura edo Trikua izeneko botila-lehorgailu hura topatuko dugula pentsatuz (argazkia ikusi), edo Kurt Schwitters-en objektu-aurkezpen absurdo bezain eder baten aurrean gaudela pentsatuz (argazkia ikusi) , edota konstruktibismoaren soiltasun formala surrealismoaren fantasiarekin konbinatzen dituzten Joseph Cornell-en kutxen aurrean gaudela irudikatuz? (argazkia ikusi)
Zer dute Alvaro Ledesmaren tximiniek Antoni Gaudi-ren beraren tximinien aurrean gaudela iradokitzeko? (argazkia ikusi) Txakur bati argazkia ateratzerakoan ikuspuntu soil bat nahikoa da, eta, besterik gabe, airean geratzen da Marc Chagall-en andregai hura bezala.(argazkia ikusi) Horizonte behartuak, eta ikus nola objektuen orientazio dotore batek Giorgio de Chirico perfektu baten aurrera garamatzan. (argazkia ikusi)
Telefono batek, Francis Picabia-ren L'oeil cacodylate haren begia irudikatuz, Constantin Brancusi-ren zutabe amaigabea errematatzen du. (argazkia ikusi) Korridoreko autorretratuak, pisurik gabeko elementu bakartiekin, Salvador Dali-ren Kristo haren eszena flotatzaileak duen barrokismoaren eta Kazimir Malevitx-en Suprematismorik soilenaren artean dantzarazten gaitu. (argazkia ikusi)
Alvaro Ledesmaren argazkietan etengabe errepikatzen dira argien eta ispiluetako, beiretako eta gainazal landuetako distiren arteko jokoak, eta horiek guztiek René Magritte-k hain gogokoa zuen nahasmena eragiten digute. Irrealitatea errealitatearen moldea zela zioen Magritte-k. Haren Ceci n'est pas une pipe margolanak bezala, argazkiok ere geratzera eta pentsatzera behartzen gaituzte. (argazkia ikusi)
Erdi hutsik dagoen puxikak eta beste objektu bizigabe askok Jean Arp-en Eskultura Biomorfikoaren formak iradokitzen dizkigute. (argazkia ikusi)
Alvaro Ledesmak etengabe ekartzen dizkigu gogora Arman eta gainerako Les nouveaux réalistes haiek, egoera eta faktore kuantikodun erlazio berriekin planteatzen baitu objektua, eta horri eskerrak aurreko identitatea ezabatzea lortzen baitu, izaera guztiz desberdina emanez (argazkia ikusi); edo Cesar, egitura metaliko zakar eta zimur horiekin; Daniel Spoerri, ametsaren eta errealitatearen edo gezurra eta egiaren arteko etengabeko dantzarekin, zirrara eta ironia, nostalgia eta malenkonia nahasten dituenean (argazkia ikusi) ; edo Christo, barruan zer duten nekez antzeman daitekeen olanaz estalitako bolumenekin (argazkia ikusi); edo Jean Tinguely-ren motorrak eta makinak. (argazkia ikusi)
Batzuetan, konposizio hauen bidez Piet Mondrian-en Neoplastizismoa agertzen zaigu (argazkia ikusi), eta eskailera kiribilen zuloetan Theo van Doesburg bitxiena antzematen dugu. (argazkia ikusi). Jantzi-esekigailuek, Op art edo Arte Zinetikorik garbienak bezala, mugimendu dardaratsuaren efektu optikoa ikusarazten digute kromatismo handiko lerro bihurrien errepikapenean. (argazkia ikusi)
Agertokian baimenik eskatu gabe sartu-irtenean dabilen gizakiak paisaia kezkagarriak eratzen ditu Alvaro Ledesmaren argazkietan, Edward Hopper-en margolanak bailiran ilunabarreko argi eta itzalen arteko jokoa eta bakardadearen tratamendua iradokiz. (argazkia ikusi)
Eta Joan Brossa-ren aterkiak ikusten ditugu (argazkia ikusi), Antoni Tapies-en aulkiak (argazkia ikusi), Hans Bellmer-en emakume panpina (argazkia ikusi), Robert Mapplerthorpe-ren objektuek duten sexualitate basatia... (argazkia ikusi) ... eta, nahi gabe, artista “handi”ek, beren artelana eskaintzen digutenean, elkarren antzeko duten guztia, alegia, artelanari begiratzean gure erraietan burdinazko tximeletak hegalak astintzen sentitzen ditugula ikusten dugu.
Berrikuntzak aurrekoarekiko hausturan du oinarri.
Arteak XX. mendean fisikoki eta materialki hautsi zuen ordura arte nagusi izandako errealitate txukun eta ohiturazkoa. Lehengai piktorikoa pintzelkada inpresionistetan zatitzetik hasi eta kubismoak paper pintatu, egunkari edota itsatsitako etiketekin egindako gehigarriekin, edo dadaisten objektu aurkituekin, eta milurtekoaren amaieran bertan, hainbestetan erabili den Photoshop eta bestelako teknologia berrien bidezko irudiaren moldaketekin, artistek lehengaia bere gorpuztasunean lantzen zuten, artelanaren osagaiak fisikoki eraldatuz eta bestelakotuz.
Alvaro Ledesmak ez du ezer aldatzen, ez du kopiatzen eta itsasten, ez ditu objektuak inon jartzen, ez ditu lekuz aldatzen, ezta pilatzen ere; soil-soilik bere begirada erabiltzen du, eta pazientzia osoz itxaroten du osagai guztiak beren lekuan egon arte, dena argazkirako jarrita bezala prest egon arte, pieza bakar bat mugitu gabe; eta azken emaitza sekulakoa da. Irudi garbiak eskaintzen dizkigu, freskoak, naturalak, diren bezalakoxeak, aurkitu dituen bezalaxe, argazkigintzatik soilik abiatuta eraikitako natura artifizial batean. Dena zegoen aldez aurretik bere eszenatokian, eta azken emaitzarako egindako hautaketak soilik, inolako manipulaziorik gabe, adierazten digu argazkilari honen kalitate artistiko izugarria.
Irudi garbiak eskaintzen dizkigu, freskoak, naturalak, diren bezalakoxeak, aurkitu dituen bezalaxe, argazkigintzatik soilik abiatuta eraikitako natura artifizial batean. Dena zegoen aldez aurretik bere eszenatokian, eta azken emaitzarako egindako hautaketak soilik, inolako manipulaziorik gabe, adierazten digu argazkilari honen kalitate artistiko izugarria.
Ez dago trikimailurik, ezta gezurrezko efektu berezirik ere, ez amarrurik, ezta garai barrokoetan hain gustukoak diren su artifizialik ere. Begiradak esku hartu aurretik gauzatutako collageak dira, faltsutu gabeko konposizioak, begiradaren ikuspuntuak edo motiboarekiko distantziak soilik era baitezakete konposizioa.
Alvaro Ledesmak ez du ezer hausteko beharrik, ezta errealitatea matematikoki eraldatzeko ere; ez du natura artifiziala behartzen, hura argazkitik abiatuz sortzen baizik; horrela, irudiak eta denborak bat egiten dute.
Argazkia baino lehen ez dago ezer, sortzailearen begia bakarrik. Prozesua mentala da: hautaketa egin eta aztertzeko darabil prozesu mental hori. Argazkiak gauzatzen eta eraikitzen du natura artifiziala.
Alvaro Ledesmaren lanak bat-batean gerarazten gaitu. Zer da ikusten ari garena? Zer da hori? Zer ari da gertatzen? Astia behar dugu erabakitzeko zer diren objektu horiek, elkarri nola eragiten dioten konturatzeko, istorioa antolatzeko, esanahiak eraikitzeko, ikusi nahi duguna deskodetzeko, subjektibotasuna komunikazioari gailentzen zaio-eta.
Gure egitura mentaletatik abiatuta moldatu ohi dugu errealitatea, eta, ulermena itsutzen diguten arren, lehendik badiren kodeak erabiltzen ditugu; dena da berehalakoa eta aurrefabrikatua, gako guztiak dantzan dabilzkigu-eta gure analisien aurrean. Haatik, argazkilari honen mundu artistikoan ez gaude lehendik ikusitako eta deskodetutako artelanaren aurrean, ikustear dagoen eta etorkizunean kolonizatu beharko den artelanaren aurrean baizik.
Alvaro Ledesma ez da gauzak errazten dituen artista, ez da dena eginda eman behar zaien ume arduragabe eta zoriontsu horien munduko kide. Bere lana liluragarri egiten du, artista errenazentistek bezala, eta begiratzen duenak bere zeregina bete behar du. Ikuslea ez da soilik gonbidatua, esanahiak eraikitzeko beharra baitu: lehen begiratutik bertatik jakiteko beharra du pieza bakoitzean zer gertatzen ari den, nortzuk osatzen duten, zer jazo den, zer jazotzen ari den edo zer jazoko den. Albisteak ezin du harrapatu irudia, narrazio bat eraikitzetik haratago doalako irudia. Guri dagokigu, artearen alde honetan, behin hasierako blokeoa gainditu dugunean, kontzeptu zehatza erabakitzea, narrazioa non kokatzen den asmatzea. Denboraren espezifikotasunik edo kokapen zehatzik ez dugunez, irudiok kezka eragiten digute, egonkortasuna galarazteren digute, eta XX. mendeko arteari lasaitasun osoz begiratzeko esertzen ginen jarlekutik jaikiarazten gaituzte.
Ekaitz gogorraren mehatxua berekin dakarren lasaitasun handi horrekin indartsu asaldatzen gaituzte paisaia kezkagarriok. Zerbait ikaragarria gertatzear dago, eta gure pentsamenduetan ezinegona sortzen zaigu, orain dena ondo baitago, ezin hobeto, eta halere... kezka, sosegurik eza eta susmoa nagusi dira gure sentimenduetan. Beldur gara itxura batean lasai diruditen elementuak jasoko ote diren Alfred Hitchcock-en Txoriak bezala, beren indar hondagarriarekin. Orain, ordea, bake bitxi eta mehatxari batean dago dena.
Esperientzia estetikoaren izaera emozionala azpimarratu nahi duen unibertso irreal bateko eszenak, piezak, paisaiak dira argazkiok. Ez dituzte sentsazio berriak bilatzen; aitzitik, ikuslea proposatutako paradigma definitzen aktiboki jardunaraztea dute helburu. Baina errealitatearen kronika eta formatu dokumentala nagusi zituen paradigma zaharrean bezala, jada ez daukagu aurrez emandako gako erraz eta gardenik.
Alvaro Ledesmak hiriei ateratzen dizkie argazkiak, hirien barrutik bertatik, erraietatik, bertako biztanleen barren-barrenetik, kaleen muinetatik. Ez du amore ematen, eta argazkietan nekez antzematen dira turisten fetitxe arkitektonikoak. Oportoko zubia ote da hori? Belem Dorrearen izkina ote da? Ia-ia ikusten dut Lisboako Rua Augustako arkua!
Pertsonak ez dira argazkian ateratzen; aitzitik, argazkitik ihes egiten saiatzen ari dira, edo beren ihesaldian gogartetsu egiten dute korrika, edo beren baitan bilduta isolatzen dira; beti daude bat-bateko argazkiaren “aurreko” edo “ondorengo” unean, inoiz ez “unean bertan”. Hortxe daude, biela bat edo torloju-errodamendu bat egon zitekeen bezalatsu, ez digute ezer kontatzen, transmititzen dizkiguten sentimenduetatik guztiz aske daude. Giza-haragi iheskorra izan daitezke, edo lehengai metaliko bizigabea, edo biziz betetako plastikozko manikiak. Une bat bortxatzen ari garela sentitzen dugu, gizaki horiek ez baitute une horretarako prest egon nahi, eta ez baitaude eskuragarri. Beren ezerezean kiribiltzen, husten eta garbitzen dira isiltasuneraino, ataraxia artistiko batean.
Ba al da zerbait atsekabegarriagorik lagundutako bakardadea baino, binakako bakantasuna baino, bere baitan eta elkarren artean isolatutako bikotea baino? Alvaro Ledesmak etengabe binakako blokeak irudikatzen ditu, oso antzekoak baina desberdinak diren bi elementu. Bata nagusi, bestea mendeko, biak ere amestutako agertokietan gauzatzen diren egoera trans-historikoetan; eta hortxe ikusten dugun narrazioa betirako amaitu da, nahiz eta ez dakigun noiz, ez dakigun zergatik. XXI. mendeko edertasunaren definizioa ez da etorriko ikuspegi motzeko bisitarientzat hizkuntza guztietan idatzitako eskuliburu batekin.
Lilurak, edertasunak, gogor astintzen du artearen gure pertzepzio atsegingarria, inoiz ez baikaude prest etorkizuneko proposamenetarako etorkizuna hiltzen den arte eta etorkizun izateari uzten dion arte. Edertasunaren zirujau izan behar dugu, gako eta kontragako artistikoen aztertzaile, sentitu behar dugu zerk lotzen gaituen hautematen ditugun formekin. Munduko edertasuna haren kodeak deskodetzen saiatzen direnentzat da, etorkizuneko izen “handi”etatik sortzen diren enigma liluragarrien esploratzaileentzat, ez aurrez prestatutako lehengaia begiratzen dutenentzat.
Ezer ez da erraza, ezer ez da erosoa; esanahia ez da berehalakoa Alvaro Ledesmaren lanean, era basati batean uzten baititu albo batera komunikazio-gakoak, eta gure erreakzioa bat-batean geldiarazten baitu lehen unetik bertatik, gure ezagutza artistikoak inolako geruzarik ez duten argazkien bigarren patina ferekatzen duenean.
Testua:Joaquin Garrido