SHARE
ELKARRIZKETA
ANDER
FERNÁNDEZ
SHORT PROFILE
Name: Ander FernándezBirth: 1981
City: Donostia
Ocupation: Musician
arteriamagazine.com/anderfernandez
Ander Fernandezek ondoko eszenaratzetarako musika idatzi du, besteak beste: Dejabu Panpin Laborategiaren “Arrastoak”, Metrokoadrokaren “Hura ez da Lekua” eta Rouge Eléaren “Hauxe da nire ametsen kolorea”. “Muskulo” taldeko gitarrajolea, "Nigara Zuek” izeneko bakarkako proiektu bat du ere.
Bere ibilbideaz eta sortzeko prozesuaz solas egin dugu berarekin.
ELKARRIZKETA
EGILEA: ÓSCAR MANSO
ARGAZKIAK: ÁLVARO LEDESMA
HASTAPENAK
Noiz eta nola sortu zitzaizun musikari izateko grina?
Nik uste, unibertsitatearen, markatu ninduten ogibidearen eta bidearen txorakeria uxatu zitzaidanean hasi nintzen musika nire bizitzan zehar jorratu nahi nuen bidea gisa ikusten. Bartzelonara joan nintzenean, nik aukeratutako bide horretaz, ingeniari elektronikoarena alegia, haraindi zihoan balizko ogibide edo bide askoren unibertso oso bat ireki zitzaidan. Horrexegatik joan nintzen Bartzelonara hein batean, laukidun lan batetik ihesi. Nire bizitzarekin zer arraio egin behar nuen galdetu beharko nion, uneren batean, neure buruari. Mila lan ezberdin egin eta gero. Bi hileko, hamabostaldi bateko lan txikiak, hara eta hona.
Beti nuen instrumenturen bat esku artean. Klarinetea utzia nuen ordurako baina gitarra ikasten hasia nintzen klarinetea utzi aurretik, nire kabuz, gauza ezberdinak eginaz, beti ere nik bakarrik. Une hartan, argi eta soinu ikasketak egiten hasi nintzen eta horrek asko indartu zuen arte eszenikoekin nuen lotura, iraganetik zetorren lotura alegia, Mikelazuloren bitartez. Hasieran, argi-teknikari gisa gehienbat. Eta lotura horren harira, Euskal Herrira bueltatu nintzenean, argiez aparte, ikuskizunentzako musika ere egiteko proposamenak jasotzen hasi nintzen. Eta orduan gorpuztu zen nire ogibidea, pixkanaka-pixkanaka argietatik aldendu eta musikarantz geroz eta gehiago gerturatu dena. Argiak erabat utzi gabe, baina, asko estimatzen baitut argiekin lan egitea ere.
Ikuskizun batzentzako musika egiteko lehen proposamena jasotzerakoan, zorabio-sentsaziorik izan al zenuen?
Nik uste, joko bat balitz bezala hartu nuen hasiera batean: olerki-errezital bat zen eta errezital ugari nituen eginak ordurako. Igoal, idatziz eta errezitatuz batez ere baina olerki-performance batean parte hartzea bat-batean, ikuskizunari musika jarriz… Ba bai, zorabio puntu bat sentitu nuen, baina buru belarri murgildu nintzen. Antzerki-lan baterako zuzeneko musika egitea proposatu zidatenean akutuagoa izan zen agian, serioagoa baitzen gauza. Hau da, biak ziran serioak baina bata joko moduko bat zen; bestea, berriz, lana. Hori, Dejaburen Azken Porturako musika egitea eskatu zidatenean izan zen; zazpi edo zortzi urte beranduago, ikuskizuna antzezten jarraitzen dugu. Eta hortik aurrera, gauzak bila ibili gabe etorri ziren.
Nolanahi ere, esan beharra daukat musika idatzia zegoela proposamena jaso nuenerako. Musika hori nire instrumentuetara egokitu behar izan nuen nik: klarinetera, Mikelek [Ugarte] jotzen zituen perkusio txikietara, baina musika sortua zegoen.
“Unibertsitatearen, markatu ninduten ogibidearen eta bidearen txorakeria uxatu zitzaidanean hasi nintzen musika ogibide gisa ikusten"
SOINU-BANDAK ETA ZUZENEKO MUSIKA
Ikuskizun mota ezberdinetan eta konpainia ezberdinetarako lan egiten duzu. Lan hauek sortzeko prozesuan, oso ezberdina al da dantza, musika eta antzerkia uztartzen duten formatuekin lan egiten duen Rouge Eléarentzat sortzea edo antzerki-kode puruagoa erabiltzen duen Dejaburentzat sortzea, adibidez?
Beno, hasteko esan beharra daukat hiru soinu-banda grabatu ditudala soilik. Eta zuzeneko musikaria izan naizela beste lan batzuetan. Musika idazteko era ezberdinak dira ere. Ez da gauza bera lan batentzako musika idaztea, non jotzen ez dakidan instrumentuak erabil ditzakedan, eta zuk zuzenean jo beharko duzun musika hori idaztea. Ez da gauza bera play botoia sakatzea eta musika zuzenean jo behar izatea [barreak]. Idatzi eta grabatu nuen lehen soinu-banda Arrastoak izan zen, Dejaburena.
Eta ez da gauza bera antzerki hutsa den lan bat edo koreografikoagoa den lan bat; Rouge Eléa,ren lan bat esaterako, non musika bera testuaren zatia den ia. Eta ez da musika gauza bakarrik, ikuskizunaren soinu-osagaiaz hitz egin beharko genuke. Taula gainean dauden pertsona txiki horien ahotsez aparte, soinu-bilgarri osoa, ez dakit nola esan baina niretzat koltxoi bat bezala da eta bertan ikusleak jarriko ditugu eroso, deseroso egon daitezen, sastatuak izan daitezen… Zentzumenen manipulazio bat da ia. Eta horrek markatuko du erritmoa, osotasuna emango dio musikari. Baina beti ere kolore batekin, emozio batekin.
Koreografikoagoa den zerbaiten kasuan indartsuagoa da, askoz ere gehiago bete behar baitu. Garrantzitsuagoa eta aldi berean, ikuskizun motaren arabera, osagarria izan daiteke batzuetan, baina beharrezkoa nolanahi ere bete ahal izateko. Beldur hori baitugu askotan, hau da, mugimendua, ezerezaz inguraturik, ez dirudi egokia, ezta? Nik egin ditudan lanen kasuan, zama emozional oso boteretsu bat dago beti eta nire ustez, nire musika hortik doa ere.
Asko aldatzen dena da sartuko duzun musika kopurua. Antzerki lan batean zenbait une indartzeko, azpimarratzeko erabiliko duzu; koreografikoagoa den lan batean, ordea, musikak eraman egin behar zaitu. Motorra da gehiago. Eta nioen bezala, soinu-osagaia garrantzitsua da. Girotzeko erabiliko ditugun soinu horiek guztiak eta eszenografia arloko osagaiak direnak ia-ia. Soinu-eszenografia direla esan genezake.
“Nik egin ditudan lanen kasuan, zama emozional oso boteretsu bat dago beti eta nire ustez, nire musika hortik doa ere.”
MUSIKA: BESTE PERTSONAIA BAT
Bartzelona aipatu duzu. Argi eta soinu ikasketak egin zenituen han. Parisen egon zinen gero, zinerako musika ikasten. Bertan ikasitako printzipioak antzerkian aplika al ditzakezu?
Bai, Paris ondoren etorri zen, nire lehen soinu-banda idatzi nuen denbora berberean. Eta bai, aplikatu daitezke, noski. Oso ikastaro trinkoa zen, ordu asko, irudiari aplikatutako musikari buruz. Sentsazioei, sentimenduei lotua zegoen gehienbat. Nola egituratu eszena bati kolore bat edo bestea emateko erabiliko dugun musika. Lehen aipatu dudan manipulazioaren antzekoa, baina muturrera eramana. Ikastaro horretan, alde batetik, musikak duen botereaz jabetu nintzen, soinu-kode horiek zein mailatan dugun barneratuta eta kodetuta ikusi nuen; eta, bestetik, musika horiek eraikitzeko erreminta teknikoak eskuratu nituen: soinu-bankuak erabiltzea, teklatua erabiltzea musika idazteko eta beldurrak uxatzea musika-konposizio batean murgildu ahal izateko. Zeren ordura arte, agian, ez nintzen partitura bat hartu eta txelo baterako idaztera ausartzen eta, bat-batean, hori egiteko gai nintzela ulertu nuen. Azkenean, ikastaroaren xedea zen ikasle bakoitzak hamabost minutuko laburmetraia baterako soinu-banda idatz zezan ordubetean. Formula ezberdinak erabiliz, hasierako zelula bat sortu behar duzu eta, hortik abiatuta, beste guztia, era ia automatikoan. Logaritmo batek egin zezakeen. Egia esan, egingo dute ziurrenik.
“Ez da musika gauza bakarrik, ikuskizunaren soinu-osagaiaz hitz egin beharko genuke. […] Zentzumenen manipulazio bat da ia.“
Hain estandarizatua al dago? Eskala hau edo bestea erabiliz gero malenkonia sortuko dela, tonalitate zehatz batekin ezinegona sortu duzula esan dezakezu?
Bai, bai, egiturak hor daude. Baina, noski, musikagileak bere ukitu pertsonala eta batasun bat emateko duen gaitasuna hor dago ere, nahaspila bihurtu ez dadin, presentzia handiegia izan ez dezan… Eta, beno, zineaz ari bagara, zuzendariak ere bere eragina duela suposatzen dut.
Manipulazioaz hitz egin duzu. Zertxobait beldurgarria bada, ezta? Fikzioa ez den zerbait ikusi eta bere musika edo soinua entzun eta “hori lekuz kanpo dago” pentsatu al duzu noizbait?
Bai, bai. Eta ikaragarria dela edo zerbait inposatzen saiatzen ari direla pentsatzen duzu. Eta, naturalki, aurkako jarrera hartzen duzu. Edo melodrama batean, adibidez, unerik tristeenean badakizu betiko biolinak entzungo dituzula, tristura senti dezazun. Enbarazu sentitzen dut nik berehala. Indar izugarria dauka, baina erabiltzen jakin beharra dago.
Eta gero, betikoa. Ikusleek ez dute enbarazurik sentitzen, funtzionatzen du baina, nire iritziz, oso mugatzailea da eskura dugun aukera zabal hori aintzat hartuz gero. Nirekin jolasean ibiltzea, hori da gustuko dudana; musika beste pertsonaia bat izan dadila ia. Proposamen artistikoaren arabera, noski, baina berezko identitatea izan dezala. Egungo joera estandarizatzea da, doinuarekiko grina, musika pertsonaia baten lagun egiteko grin hori galdu egin da. Nik doinua behar dut, doinuak amua izan behar du. Eta hori erabat ahaztuta dago. Doinua desagertua dago orain. Arlo guztietan, ez zineman bakarrik, musika orokorrean. Erabat alboratuta dago. Ikaragarria da. Ez da zaintzen, ez da lantzen, ez da bilatzen. Gauza guztiekin bezalaxe. Jatekoekin, irudiekin bezalaxe, gauza guztiekin berdin.
"Nik doinua behar dut, doinuak amua izan behar du. Eta hori erabat ahaztuta dago. Doinua desagertua dago orain.[...]Ez da zaintzen, ez da lantzen, ez da bilatzen."
SORTZE-PROZESUA
Zure lanak sortzeko prozesura buelta gaitezen. Aginduren bat jaso eta zirriborro bat aurkeztu eta gero, zuzenketa asko egin behar al dituzu? Ideia ugari atzera bota al dizkizute, guzti-guztia hasieratik berregin behar izan al duzu?
Ba orain arte askatasun handia izan dut. Gertatu izan da, halere, aurkitutako ideia bat nire gustukoa izatea, ideia horretatik abiatuta lanean hastea eta ezezkoa jasotzea bezeroaren aldetik, balio ez duela esanez.
Ideia bat aurkezten didate niri. Eta niri interesatzen zaidana zera da, ikuskizunaren arima. Zein den transmititu nahi dugun sentsazioa. Eta gutxi gorabehera zenbat pieza beharko dituzten esaten didate ondoren, gortinak, etab. Nahiz eta aldaketak egon daitezkeen, noski. Sortze-prozesuan, ikuskizunak zein musikak aldaketa asko pairatzen ohi dituzte.
Nik gitarra hartu eta armazoia emango didan nota-sekuentzia, gero musika bilakatuko den horren enbrioia, bilatzen dut. Gero garatu egingo da, desitxuratu, erritmo ezberdinak hartuko ditu, baina armonia bat emango dit, unez ezberdinetarako musika ezberdinak garatzeko oinarria alegia. Musika horren guztiaren oinarria izan den hasierako ideiatik gehiegi ez aldentzen saiatzen naiz, doinu estralurtarrak egon ez daitezen. Beste arrisku bat baita hori. Abesti bat Techno generokoa eta beste bat biolinez beteta badago ere, arima komun bat izan dezaten saiatzen naiz beti.
Eta instrumentu nagusia nirea, hau da, gitarra izan dadin saiatzen naiz ere. Zeren, bestela, beste musikari batzuk kontratatu beharra dago eta garestiagoa izaten da beti; edo MIDI sekuentziak erabili beharko ditut eta soinua askoz ere faltsuagoa izango da ziurrenik.
”Nik gitarra hartu eta armazoia emango didan nota-sekuentzia[...]armonia bat emango dit, unez ezberdinetarako musika ezberdinak garatzeko oinarria alegia.”
MUSIKA-PROIEKTU PERTSONALAK
Ikuskizunetarako musika idaztean izaten dituzun ideia gehienak Muskuloren entsegu-gelara eramaten dituzu gero eta, bertan, beste forma bat hartzen dute. Hasierako ideia horri gogor heltzen diozu edo ideia hori beste gauza bat bihurtzea nahiago al duzu?
Bai, nik hezurdura melodikoa eramaten dut, gero dena delako forma har dezan gu lauron ekarpenekin. Grabazio bakar batean erabili baino, interesgarri deritzot ideia horiek taldera eramatea. Beti ere, hartuko duten forma ezagutzeko irrikan.
Antzerki arloko lanaz eta Muskulo taldeaz gain, bakarkako proiektu bat duzu ere, "Nigara Zuek" izenekoa. Konta iezaguzu zerbait horren inguruan.
Musika profesionalki idazten egondu naizen urte guzti hauetan hutsarte asko egon dira. Eta hutsarte horietan, gitarrarekin jolasten hasi eta ahotsa sartzen nuen gero. Hori da Nigara Zueken jatorria. Asko kostatu zitzaidan gitarra eta ahotsa konbinatzea. Ez nintzen aldi berean abesteko eta jotzeko gai. Ez dakit nola, baina pixkanaka-pixkanaka ahotsa daramaten kantak sortzen hasi nintzen. Hutsarte horietan, argiak egokitu eta gero eta ikuskizuna hasi arte, bizpahiru ordu dituzu eta dena egina dago; ondorioz, jolasten hasten nintzen. Etxera iritsita, forma ematen nion horri eta nonbait galduta nituen abesti horiek erreskatatzen nituen. Lagunen hitzak hartu eta musika jartzen nien. Nire ustez duinak ziren eta beren izaera propioa zuten hamar edo hamabi abesti nituen bat-batean; eta grabatzea erabaki nuen. Landetara joan nintzen, etxola batera, abestiak grabatu eta proiektu hau sortu nuen. Disko bakarra dauka oraingoz, baina nolabaiteko bilakaera izango duelakoan nago. Norantz, ezin esan oraindik. Oraingoz, kontzertu bat daukat abenduan, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean. Egun horretako ikuskizuna zehazteke dut oraindik, badut zenbait abesti berri eta zenbait ideia ezberdin buruan.
Zure lana zuzenean entzuteko edo ikusteko aukera izango al dugu aurki?
Chis y Garabis, lanaren musikarekin lanean nago orain. Urte honetan zehar estreinatuko da. Eta baditugu kontzertu batzuk ere Muskulo.rekin. Rouge Eléaren ikuskizuna Azpeitian eta Durangon aurkeztu behar dugu. Bertan, argien ardura daukat eta musika idatzi dut.